2017(e)ko ekainaren 7(a), asteazkena

Erdialdeko Amerikako lenkera

Hitz Adina Mintzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak hizkuntza gutxituak ezagutzeko antolatutako zikloa da. Egitasmoak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. 

16/17 ikasturtean Irlandako gaelera, erdialdeko Amerikako lenkera, aragoiera, Ameriketako hainbat hizkuntza, Asiako hego-ekialdeko hokkienera, katalana eta Guernsey uharteko guernseyera hizkuntzak landu ziren.

2017ko martxoko saioan Erdialdeko Amerikako lenkera hizkuntza aurkeztu zuen Alan King hizkuntzalariak.

Lenkeraren egoera berezia da, izan ere, egun hiztunik ez duela esan daiteke. Lenka talde etnikoek bizirik diraute El Salvador eta Hondurasen, baina hizkuntza duela hiru hamarkada desagertu omen zen. Hizkuntzak hil ondoren, ordea, badaude hizkuntzak berpizteko ahaleginak egiten dituztenak. Hori gertatu zen, esaterako, kornubierarekin. Hitz Adina Mintzok momentuan abiatzen ari den lenkeraren berpizte prozesua hurbilduko digu.

Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) hizkuntzalari, itzultzaile eta euskalari euskaldunak aurkeztu zuen hizkuntza.  Londreseko Unibertsitatean euskararen inguruan egindako tesiarengatik linguistikan doktorea da King. Kalifornian hainbat urte eman zituen Euskal Herrira etorri aurretik. Ordutik bertan bizi da, eta tarteka Katalunia, Gales eta El Salvadorren ere bizitzen egon da. Azken honetan nawatera hizkuntzaren berreskuratzearen aldeko mugimenduan egin zuen lan eta, hain zuzen ere, hizkuntza hori aurkeztu zuen Hitz Adina Mintzon 2015ean. Hizkuntzen zale amorratua da, batez ere hizkuntza gutxituena, eta ikerkuntza itzultzaile lanarekin uztartzen du. Azkenaldian lenkera hizkuntza berreraikitzen eta berpizten dihardu.

Hitzaldia euskaraz izan zen.














iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina