2017(e)ko ekainaren 7(a), asteazkena

Hokkienera - Asiako hego-ekialdea

Hitz Adina Mintzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak hizkuntza gutxituak ezagutzeko antolatutako zikloa da. Egitasmoak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. 

16/17 ikasturtean Irlandako gaelera, erdialdeko Amerikako lenkera, aragoiera, Ameriketako hainbat hizkuntza, Asiako hego-ekialdeko hokkienera, katalana eta Guernsey uharteko guernseyera hizkuntzak landu ziren.

2017ko apirileko saioan Asiako hego-ekialdeko hokkienera hizkuntza aurkeztu zuen Sim Tze Wei hizkuntza-ekintzaileak.
Bere garairik onenean hokkienerak Espainiaren biztanle kopurua baino hiztun gehiago zituen eta Txinako hego-ekialdeko kostaldean, Taiwanen eta Asiako hego-ekialdean hitz egiten zen. Geroztik lingua franca bilakatu da Txinaz gaindiko beste lurralde batzuetan, adibidez, Taiwan, Singapur eta Malaisiako zenbat hiritan, baina globalizazioa eta giro politiko txarra tarteko, gainbehera azkarrean doa.

Sim Tze Wei hizkuntza-ekintzailearen eskutik ezagutu genuen hokkienera. Tze Wei Malaisiako hizkuntzalaria eta hokkienera hizkuntzaren mantentzearen aldeko ekintzailea da. Kuala Lunpuren Telekomunikazio Ingeniaritza ikasitakoa, denborarekin hizkuntzekiko pasioa garatu eta Londresera aldatu zen, bertan SOAS unibertsitatean ikasteko.
Geroztik, hizkuntza biziberritzen jarduten du eta Speak Hokkien Campaign egitasmoaren arduraduna da. Kanpainak hokkieneraren transmisioa aldarrikatu eta kaleko erabilera bultzatu nahi du. Horretaz gain, Tze Wei azpidazle eta itzultzailea ere bada, ekialde eta mendebaldearen arteko (kultura) zubi lanak egin asmoz.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina