2017(e)ko martxoaren 8(a), asteazkena

Guernseyera

Hitz Adina Mintzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak hizkuntza gutxituak ezagutzeko antolatutako zikloa da. Egitasmoak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. 

16/17 ikasturtean Irlandako gaelera, erdialdeko Amerikako lenkera, aragoiera, Ameriketako hainbat hizkuntza, Asiako hego-ekialdeko hokkienera, katalana eta Guernsey uharteko guernseyera hizkuntzak landu ziren.

2017ko urtarrileko saioan guernseyera aurkeztu zuen Julia Sallabank adituak.  

Guernseyera Mantxako uharteetako bat den Guernsey uhartean hitz egiten den hizkuntza normandiarra da. Irla hauek urteetan zehar mantendu dute Britainiar Koroarekiko autonomia eta hori ere arlo kulturalean nabaritu da: ez dira ez britainiarrak ez frantsesak, baina izan litezke. Gaur egun guernseyera ia ez da irakasten eskoletan eta 5.000 hiztunera ere ez omen da iristen, azken hamarkadan hizkuntzaren aldeko ekimenak abiatu diren arren. 

Julia Sallabank Londresko SOAS Unibertsitateko irakaslea da, hango Hans Rausing Endangered Language Program-en baitan. Guernsey-koa zuen ama eta hortik sortu zitzaion gerora hizkuntza ikasi eta aztertzeko gogoa. Geroztik, guernseyeraren aldeko hamaika ekimenetan jardun da. Ikerlari bezala, hizkuntza biziberritzea eta hizkuntza plangintza eta politika ditu ikergai nagusi, bereziki ikuspegi soziolinguistiko batetik abiatuta. Hizkuntza biziberritzearen esparrua teorizatu gabe dagoela ebatzita, eremu hori ‘intelektualizatzen’ dihardu. Idazle oparoa da eta iaz “Cambridge Handbook of Endangered Languages” argitaratu zuen, Peter Austin adituarekin batera.

Hitzaldia ingelesez izan zen eta euskararako aldi-bereko itzulpen zerbitzua egon zen. Saioak Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren laguntza jaso zuen.











iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina